Zure negoziorako publizitatea Instagramen: gida laburra

Duela hilabete batzuk, Instagram saltokietarako eta beste negozio txiki batzuetarako lagungarria izan daitekeela aipatu genizun, sare sozialik bisualena eta mugikorrena baita. Ildo horretan, 2017. urtean Instagrameko publizitateak Facebookekoa gaindituko duela kalkulatu da. Izan ere, Instagrameko publizitateak abantaila handiak ditu:

  • Facebooken datu-base erraldoia publizitate-helburuekin erabiltzeaz gain, segmentazio-ahalmen handia dauka iragarki pertsonalizatuak eta oso eraginkorrak eskaintzeko.
  • Hazten ari diren eta nagusiki gazteak diren jarraitzaileei ematen die erabiltzeko aukera.
  • Irudiaren ahalmena baliatzen du (irudi batek mila hitzek baino gehiago adierazten du), eta, eraginkortasunari dagokionez, gainerako eduki guztiek baino hobeto helarazten ditu marka baten balioak.
  • Traol (#) izenekoen kokapen-efizientzia eskaintzen du. Etiketa horiek ongi erabiltzen badira, zure publikoaren begiradapean jar zaitzakete egunero.
  • Publizitate-kanpainetan hainbat helburu betetzeko aukera ematen du.

Nola egin publizitatea Instagramen?

1. Estekatu zure Instagrameko kontua Facebookekoarekin

Instagramen publizitatea egiteko orduan, lehenik eta behin jakin beharra dago Facebookeko kontu bat behar dela Instagrameko kontuarekin estekatzeko, Facebook plataformaren bitartez sortu, diseinatu, konfiguratu eta argitaratu beharko baitituzu Instagramerako iragarkiak.

Horretarako, Facebooken iragarkiak sortzeko tresna erabiltzen da, Power Editor izenekoa. Tresna horren bidez, erraz, bizkor eta eraginkortasunez diseina daitezke bi sare sozialetarako publizitate-kanpainak.

Bi kontuak estekatzeko, sartu zure Facebookeko orrian, jo konfiguraziora, hautatu “Iragarkiak Instagramen” (Anuncios en Instagram) eta estekatu zure Instagrameko kontua, ondorengo irudian bezala:

Kontuak estekatu ondoren, has zaitezke Instagramen iragarkiak sortzen eta argitaratzen.

2. Iragarki-administratzailea [Power Editor]

Facebookeko iragarki-orritik bertatik, Power Editor tresnara joan zaitezke zure Instagrameko iragarkiak sortzeko. Iragarki-administratzailearen barruan zaudela, menu bat ikusiko duzu, eta ongi trebatu beharko duzu menu horretan, bertan diseinatu eta konfiguratuko baituzu Instagrameko publizitatea.

3. Aukeratu kanpaina mota

Instagramen iragarkiak argitaratzeko lehen urratsa kanpainaren izena sortzea eta zerrendan agertzen diren publizitate-helburu guztien artean zurea aukeratzea da.

4. Zehaztu zer jende motarengana iritsi nahi duzun

Instagramerako iragarki bat sortzearen abantailetako bat jendea gustuen eta interesen arabera bereizteko aukera da, Facebook Ads plataformarekin bezala. Hori oso baliagarria da zure marka, enpresa edo produktuarekin lotura bat duten erabiltzaileengan soilik oinarritzeko eta, era horretan, zure publizitate-gastua optimizatzeko:

Hau da, skater estiloko artikuluak, arropa eta osagarriak merkaturatzen dituen denda bat baduzu eta zure bezero potentzialak 18-40 urteko emakumeak badira, emakume horiengana soilik iristeko moduan presta ditzakezu zure kanpainak. Horri esker, kanpainak eraginkorragoak izango dira.

Hortaz, bereizteko orduan, alde batetik oinarrizko aukerak dituzu (hala nola kokapena, adina, hizkuntza, jatorria eta generoa), eta, bestetik, publikoa mugatzeko aukera gehiago emango dizkizun aukera aurreratuagoak (hala nola publiko pertsonalizatuak sortzea, interesen edo portaeren arabera).

5. Ezarri gastu-aurrekontu bat

Publizitate-kanpaina orotan bezala, kanpainarako bideratu nahi dugun aurrekontua zehaztu behar da.

Adibidez, egunean batez beste hamar euro bidera daitezke aldi luze batean, edota aurrekontu osoa egun gutxi batzuetan bil daiteke, ahalik eta denborarik laburrenean agerikotasun handiagoa lortzeko.

6. Aukeratu zer iragarki mota argitaratuko duzun

Hainbat iragarki mota sor ditzakezu zure publikoari erakusteko: irudi estatiko bakarra agertzen duten iragarkiak, bata bestearen atzetik agertzen diren edo erabiltzaileak mugi ditzakeen hainbat irudi, 60 segundora bitarteko bideoak eta abar.

Oso publizitate bisuala denez gero, ongi pentsatu behar da zer erakutsi eta kontatu nahi den. Erakutsi nahi den horrek, nolanahi ere, erakargarria izan behar du. Iragarki bat diseinatzeko garaian, kontuan izan gutxieneko neurri batzuk daudela irudirako (600 x 315 pixel iragarki horizontaletan, eta 600 x 600 pixel iragarki karratuetan). Ahal duzun guztietan, erabili 1.080 x 1.080 pixeleko formatu karratua, iragarkia askoz hobeto hautemango baita.

Bestalde, #traolek (sare sozialetan egunero argitaratzen den eduki osoa banatzen laguntzen duten etiketek) gero eta indar handiagoa dute enpresen eta marken jardunetan, eta, horregatik, oso garrantzitsua da gure publizitatean baten bat erabiltzea. Traol batean sakatuta, etiketa hori duten irudien galeria bat irekitzen da. Beraz, gure publizitatean jartzen dugun argazkiak traol egokiak baditu, lagungarria izan daiteke erabiltzaileak gure profilean sartzeko. Artikulu honetan, traolik egokienak aukeratzen lagun diezazuketen webgune batzuk ikus ditzakezu.

Funtsezkoa da, halaber, ekintzarako dei motaren bat gaineratzea. Adierazi zure bezero potentzialei zer egin behar duten zure iragarkian, eta askoz aukera gehiago izango dituzu hori egin dezaten.

Adibidez, esaldi deigarriren bat eransteko balia dezakezu zure iragarkiko testua, edota Instagramek zure helburuen arabera (aplikazio bat instalatu edo deskargatzea, informazio gehiago lortzea, erostea eta abar) botoi bat gaineratzeko eskaintzen dizun aukera balia dezakezu.

7. Neurtu eta optimizatu

Iragarkiak sortu eta kanpaina Instagramen abiarazi ondoren, kanpainaren eraginkortasunaren jarraipena egiteko garaia izango da. Galdetu zure buruari espero zenuen emaitza lortu duzun eta helburu gisa finkatu zenituen klikak, deskargak edo salmentak lortu dituzun. Gainera, iragarki bat baino gehiago sortu badituzu (oso komenigarria da, aukera emango baitizu zure publikoak zein estilo duen gogokoen, hobekien funtzionatzen duen diseinua zein den eta diseinurik merkeena zein den ikusteko), aztertu zein den hobekien funtzionatu duena, eta jarri gogoa hartan.

Bi aholku amaitzeko: alde batetik, ez galdu begien bistatik zure lehiakideek edo sektoreko beste enpresa batzuek egiten dutena, zure publizitate-estrategiarako pistak eman baitiezazkizuke; bestetik, gogoan izan Instagram sare mugikorra dela; horregatik, zure publikoak zure publizitatean klik egiten duenean zein webgunera bideratuko duzun aukeratzen duzunean, ziurtatu jomugako webgune horrek responsive diseinua duela eta ongi bistaratzen dela gailu mugikorretatik; osterantzean, aukerak galduko dituzu.

 

Azken berriak