Nola ireki denda bat Facebooken

Azken asteotan Facebooken inguruan sortu den polemika gorabehera, sare sozialetan presentzia izatea merkatura heltzeko bide ona dela uste duten saltzaileentzat interesgarria izan daiteke sare horretan denda bat irekitzea eta bertatik saltzea. Facebooken profil bat izatea eta jada zure produktuak online denda baten bidez saltzen aritzea besterik ez duzu behar. Izan ere, salmentak online denda horrexen bidez egingo dira, Facebookek bertara birbideratuko ditu eta. Gure blogeko artikulu honetan, zure online denda izateko dauden aukerarik interesgarrienen berri eman genizun.

Lehen urratsa: denda sortzea Facebooken

Aspalditxotik ikus daiteke enpresen orrialde batzuetan “denda” izeneko erlaitza. Ezkerreko zutabean dago, gainerako erlaitzen ondoan (informazioa, argazkiak, bideoak eta abar).

Zure orrialdean aurkitzen ez baduzu, ez kezkatu: litekeena da gaituta ez egotea, besterik gabe. Konfigurazioaren barruan, bilatu “orrialdea editatu”, sartu “erlaitzen administratzailean” eta bilatu “erlaitz bat erantsi”. Hortxe agertu behar du “denda” aukerak, aktiba dezazun.

Lehen aldia bada eta lehenago aktibatu ez baduzu, terminoak eta baldintzak onartzeko ohar hau agertuko zaizu:

Onartu ondoren, ordainbidea aukeratu behar duzu, baita Facebooken prezioak zer dirutan agertuko diren ere. Bi aukera daude: jendea beste webgune batera birbideratzea erosketak egiteko —horretarako online denda bat behar duzu, zurea edo beste norbaitena, jendeak bertan eros dezan— edo balizko erosle batekin komunikazio-kanala irekitzea, besterik gabe.

Bigarren urratsa: saltzeko produktuak gehitzea

Denda sortutakoan, has zaitezke produktuak igotzen Facebookeko dendara. Lehenik, dendan zer saltzen duzun azaldu beharko duzu.

Ondoren, produktuak gehitu behar dituzu, haietako bakoitzarentzat irekiko den fitxa osatuz:

  • Argazkia: webgunean dagoeneko dituzun argazkiak erabiltzea da errazena. Deskargatu eta igo itzazu fitxara.
  • Izena: saia zaitez online dendaren izen berdina edo antzekoa jartzen produktuari, denden artean bilaketa errazteko.
  • Prezioa: prezio bakar bat jar dezakezu. Unean uneko sustapenak eta deskontuak prezioa aldatuta soilik erakuts daitezke, eta ezin da aurreko prezioa agertu. Argazkian ere jar dezakezu prezioa.
  • Azalpena: bilatu azalpen argiak eta errazak. Bukaeran honako hau jartzeko aukera duzu: “gure webgunean ikus dezakezu azalpen osoa”. Horrek trafikoa sortzen lagunduko du.
  • Produktuaren URLa: zure online dendako produktuaren URLa da. “Erosi” botoian jarriko den lotura da. Horrela, neurriak, koloreak eta abar aukeratu ahal izango ditu bezeroak, betiere aukera horiek zure webgunean badaude, erosketak beti gauzatuko baitira online dendaren bidez.

Beste aukera bat produktua nabarmentzea da, zure orrialdearen hasieran eta zure dendako produktuen zerrendaren hasieran ager dadin. Gehienez ere 10 produktu jar daitezke nabarmenduta.

Datu guztiak osatutakoan, lehen produktua saltzeko prest izango duzu, eta saldu nahi duzun produktu bakoitzarekin prozesu hori errepikatu beharko duzu, zure Facebookeko  denda konfiguratzeko.

[SAKATU HEMEN ARTIKULU GUZTIAK IKUSTEKO]

Azken berriak