Nire webaren eta helbide elektronikoaren domeinua iraungi egin da, zer egin dezaket?

Gure webgunerako eta posta elektronikoko geure kontuak izateko domeinua erosten dugunean, urtebeterako izaten da. Berritzeko eguna hurbiltzen denean, agente erregistratzaileak ohartarazpena bidaltzen digu posta elektronikoz, domeinua beste urtebetez erabiliko ote dugun galdetuz. Domeinua berritzea ekintza garrantzitsua da, epea amaituta ez baitira ibiliko ez webgunea ez domeinuarekin lotutako helbide elektronikoak ere.

Jarraitu baino lehen, ikus dezagun zer den domeinua eta zer den hostinga. Domeinua webguneari ematen zaion izen esklusiboa da (adibidez, www.laboralkutxa.com).  Hori da IP helbidea identifikatu eta izendatzeko modua, horri esker Interneten aurki daiteke. Nolanahi ere, web-orri bat ikusgai izan dadin beste baliabide batzuk ere beharko ditu, domeinuaz gain, horien artean ostatatzea edo hostinga.

Domeinua webaren izena da, eta ostatatzea, berriz, weba gordeta dagoen lekua. Domeinua eta ostatatzea elkarri oso lotuta dauden kontzeptuak direnez, garrantzitsua da ondo bereiztea. Interneten domeinu bat erregistratu nahi baduzu, hostinga kontratatu beharko duzu zure webgunea etorkizunean ikusgai izan dadin. Hostingik gabe ez dago webik, munduko domeinurik onena edukita ere.

Erabiltzen ari garen domeinua galtzeari dagokionez, askotan jabeek ez dute domeinua berritzen eta nahi gabe iraungitzen uzten dute, epea amaitzear zegoela konturatu ez direlako edo jakinarazpena bidali zaien helbidea jada existitzen ez delako, erabiltzen ez dutelako, mezua spam gisa sailkatu delako, etab.

Horrek ondorio larriak izan ditzake profesional edo enpresa batentzat; izan ere, iraungitzen den unetik domeinua ez baitago erabilgarri, eta beraz, ezinezkoa da webgunera sartzea, eta lotutako posta-kontuek ere ez dute funtzionatzen.

Dena den, domeinuaren muga-eguna iritsi arren ez da berehala iraungitzen, ICANNek (erregistro horiek mundu mailan gestionatzen dituen erakundeak) finkatutako prozesua burutu behar baita hirugarren batentzat edo beste enpresaren batentzat eskuragarri izan baino lehen.

Lehen fasea:  Graziazko epea (Grace Period)

Graziazko epea esaten dioten horrek iraun bitartean domeinua ez dago erabilgarri, baina jabeak aparteko kosturik ordaindu gabe berritu dezake. Zure domeinuaren hedapenaren eta enpresa erregistratzailearen araberakoa izango da epe horren iraupena (10 eta 45 egun artekoa, gutxi gorabehera).

Domeinua berritu ondoren, ordu batzuen buruan erabilgarri izango da berriro eta arazoa konponduta.

Bigarren fasea:  Berrerosteko epea (Redemption Period)

Fase horretan oraindik ere berritu daiteke domeinua, baina egun batzuetako kontua izango da eta ohiko berritzea baino dezente garestiagoa.

Hirugarren fasea:  Ezabatzeko fasea (Pending Delete)

Domeinua zure kontrolpean izatetik domeinu librea izatera igaro aurreko azken urratsa da. Domeinua blokeatuta gelditzen da eta jabea izan denak ezin du berritu eta beste inork ere ezin du erosi. Hedapenaren arabera, zure domeinua gehienez 5 egunez egongo da fase horretan.

Laugarren fasea:  Domeinu askatua (released)

Azaldutako aurreko hiru faseak igarota jabeak domeinua berritu ez badu, aske geldituko da eta salgai izango da berriro. Une horretatik aurrera, edonork erregistra dezake ohiko prezioa ordainduta. Azkar ibili beharra dago, norbait zain egon daiteke eta aurrea hartu diezaguke. Hori gertatuz gero, ezingo dugu domeinua berreskuratu eta aukera bakarra jabe berriari berrerostea izango da, horretarako prest baldin badago, jakina.

Enpresa batzuen negozioa iraungitako domeinuak eskuratzea da, aske gelditzen direnean haien jabe egitea. Snap Names eta Pool.com dira horietako batzuk. Sistema automatizatuak dituzte domeinu bat aske geldituko den unea antzemateko. Domeinua aurreko jabeari edo hirugarren bati birsaltzea da haien asmoa, oso garestia izan daitekeen prezioan.

Gehien erabiltzen diren domeinu-moten epeen taula

Domeinu-motaren eta agente erregistratzailearen arabera, faseak eta horien iraupena era batekoak edo bestekoak izango dira. Taula honetan, ohikoenak diren domeinu-moten epeak azaltzen dira:

Domeinu-mota Grace Period Redemption Period Pending Delete
. com 30-45 egun 30 egun 5 egun
. org 30-45 egun 30 egun 5 egun
. net 30-45 egun 30 egun 5 egun
. info 30-45 egun 30 egun 5 egun
. es 5-10 egun 0 egun 0 egun
. eu 0 egun 40 egun 0 egun

 

 

Azken berriak