Zure webgunearen errendimendua hobetzen: karga-abiadura

Artikulu honetan, edozein webgunerentzat funtsezkoa den gai batez hitz egingo dugu: karga-abiaduraz. Webgune motela bada, web posizionamendu (SEO) txarra izango du. Beraz, bisitatzaileak frustratu eta erabilera-esperientzia txarrak izan ditzakete, eta, osorik kargatu aurretik edo web-orri batzuk soilik kargatu ondoren, uztea erabaki dezakete, nabigatzea motelegia baita.

Gure webgunearen karga-abiadura txikia bada, oso litekeena da irakurlea webgunetik irtetea, kargatu arte itxaron gabe. Seguru asko, zuri ere behin baino gehiagotan gertatuko zitzaizun. Zerbait bilatzen ari zara, interesgarria dirudien esteka bat aurkitu eta sakatu egiten duzu; gero, 1, 2, 3, … 10 segundo ematen dituzu zuri dagoen edo osorik kargatu ez den orri bati begira. Zer egiten duzu orduan? Webgune hori itxi eta gai berari buruzko hurrengo estekara jotzen duzu, beste leku batean antzeko zerbait aurkituko duzula uste duzulako. Hainbat ikerketak adierazten dutenez, bisitarien % 25ek orria uzten du kargatzeko 4 segundo baino gehiago behar baditu; zenbat eta luzeagoa izan karga-denbora, orduan eta handiagoa da orria uzten duten bisitarien portzentajea.

Argi dago erabiltzaileek ez dutela inolako zalantzarik webgune bat uzteko eta nahi dutena beste batean bilatzeko; beraz, gure webgunearen karga-denbora zein den eta nola hobetu dezakegun jakin behar dugu. Karga-abiadura onargarria 2-3 segundokoa da. Gure webgunearen karga-denbora luzeagoa bada, berrikusi egin behar dugu. Eta kargatzeko denbora gutxiago behar badu, zorionak, ondo optimizatutako webgunea duzu.

Karga-abiaduraren eragina Google bilatzailearen emaitzetan

Ikusi dugunez, karga-abiadura txikia bada, oso litekeena da erabiltzaileak gure webgunetik irtetea osorik kargatu baino lehen. Edo, erabiltzaileak webgunea osorik kargatu arte itxaron badu, oso litekeena da hartan nabigatzen hasi eta uztea, beste batera joateko. Bi kasu horietan, bisita-kopurua txikitu egingo da, bisitak gero eta laburragoak izango dira, eta gure negozioaren salmentek behera egingo dute.

Gainera, Google bilatzaileak zigortu egiten ditu webgune motelak, eta kokapen hobea ematen die azkar kargatzen direnei. Eta, Googleren emaitzetan kokapen ona lortzen badugu, bisita gehiago jasoko du gure webguneak, eta negozio-aukerak handitu egingo dira.

Zer egin dezaket nire webgunearen abiadura hobetzeko? Saihestu beharreko okerrak

Zenbait gauza egin ditzakezu zure webgunearen abiadura hobetzeko. Batzuetarako, klik pare bat soilik behar dira, eta ez da beharrezkoa aditua izatea, baina, konponketa txiki batzuk eginda, webgunearen errendimendua handitu egingo da. Beste konponbide batzuk korapilatsuagoak dira, baina, zer akats dauden jakinez gero, nola konpondu ere jakingo duzu zure negozioaren webgunea berrikustean edo eguneratzean.

1. Hostinga txarto aukeratzea

Ohikoa da gure webgunea ostatatzeko hostingari garrantzirik ez ematea. Zerbitzari merkeak erabiliz gero, gerta daiteke transferentzia-abiadurak oso motelak izatea edo beste batzuekin partekatu behar izatea. Pentsatu zer abiaduratan ibili zaitezkeen autobideetan, ordainpekoak badira ere, eta zer abiaduratan ibiltzen zaren beste mota bateko errepideetan. Antzeko zerbait gertatzen da hostingekin, prezioaren arabera.

Zerbitzariak webgune baten beharrei aurre egiterik ez badu, web-orria motel kargatuko da. Esate baterako, erabiltzaile asko aldi berean konektatuz gero, gama ertaineko eta txikiko hostingak kolapsatu egiten dira. Horrelakoetan, hornitzailearekin hitz egin beharra dago, ea zer irtenbide ematen digun. Egoera hobetu ezean, hostinga aldatzea pentsatu beharko litzateke, eta gure web-orriaren beharretara ondoen egokitzen den bat aukeratu.

2. Irudiak ez optimizatzea

Webgune edo blog baten karga-abiadura gure web-orriaren pisuaren mende dago. Hori dela eta, ona izaten da zerbitzariari laguntzea, gure web-orria osatzen duten fitxategiak optimizatuz. Irudiei dagokienez, zenbat eta pisu txikiagoa izan, orduan eta hobeak izango dira karga-denborak.

Askotan, konturatu gabe, sarean erabiltzeko optimizatuta ez dauden irudiak igotzen ditugu. Saiatu argazki guztiak optimizatzen; hobekuntza erraza da, baina eraginkorra. Zenbait tresnak (hala nola, Google PageSpeed Insights) optimizatu gabeko irudiak aurkitzen dituzte, eta beste batzuek (esaterako, Tinypng) irudien tamaina eta karga-denbora hobetzen dituzte. Hori bereziki garrantzitsua da konexio mugikorretarako.

Hala ere, beste alderdi garrantzitsu bat ere hartu behar dugu kontuan: tamaina. Irudiaren tamainaz ari garenean, argazkiaren pixel-kopuruari buruz ari gara. Esate baterako, artikulu baterako 300 x 300 px-eko irudi bat behar baduzu, ez erabili tamaina handiagokorik, gero artikuluan tamaina hori txikitu behar baita. Hobe da tamaina idealean optimizatuta igotzea webgunera. Izan ere, zenbat eta pixel gehiago izan irudi batek, orduan eta pisu handiagoa du fitxategiak, eta hori galarazi nahi dugu.

NABARMENDU INTERNETEN: MARKETIN DIGITALEKO TRIKIMAILU TXIKIAK (I) artikuluan jorratu genuen gai hori.

3. Cachearen erabilera ez aktibatzea

Cachea sarbide azkarreko memoria da. Alegia, cachea aktibatzen dugunean, behin eta berriz erabiltzen diren fitxategiak gordetzen dira zerbitzarian; horri esker, etorkizunean berriro erabiltzen badira, denbora laburragoan kargatuko dira.

Ez da zaila cachea aktibatzea; eduki-kudeatzaile guztiak hainbat aukera dituzte, cachea kudeatzen duten pluginak instalatuz. Adibidez, WordPress-en, zenbait plugin erabil daitezke, hala nola WP Super Cache eta W3 Total Cache.

4. Plugin gehiegi erabiltzea

Seguru asko, eduki-kudeatzaile bat (esaterako, WordPress, Joomla eta Drupal) erabiliko duzu zure webgunerako, eta, aurreko puntuetan azaldu dugunez, pluginak izango dituzu instalatuta (eduki-kudeatzailearen zenbait alderdi hobetzen laguntzen duten aplikazio txikiak dira pluginak). Haien alde onak eta erabilerak gorabehera, kontuan izan behar da instalatutako pluginek zure web-orriaren karga-denbora luzarazten dutela; beraz, desaktibatu eta desinstalatu erabiltzen ez dituzun pluginak.

Zure webgunearen edo blogaren karga-abiadura doan neurtzeko edo aztertzeko tresnak

Hainbat tresna daude horretarako, baina guk bi gomendatuko dizkizugu:

Google PageSpeed Insights

Googleren tresna ofiziala da. Hari esker, gure webgunearen karga-abiadura neurtu eta azter dezakegu, bai gailu mugikorretarako, bai ordenagailuetarako.

0 eta 100 arteko balioa du; zenbat eta handiagoa izan balioa, orduan eta hobea da karga-abiadura. Gainera, puntuazio hori hobetzeko aholkuak ematen dizkigu.

0 eta 100 arteko balioa du; zenbat eta handiagoa izan balioa, orduan eta hobea da karga-abiadura. Gainera, puntuazio hori hobetzeko aholkuak ematen dizkigu.

Pingdom Website Speed Test

Karga-abiadura aztertzeko tresnarik onenetako bat da. Erraza izateaz gain, web-orrian kargatzen diren zatien karga-denborak teilakatuta ematen ditu, hobeto ikus dezagun non optimiza ditzakegun.

[ikusi PINGDOM WEBSITE SPEED TEST artikuluari buruz TRESNAK sekzioan]

Azken berriak