Google AdWords: nola jarri gure iragarkia Googlen

Google AdWords zerbitzuaren bidez, Google bilatzaileak publizitate-tarteak eskaintzen dizkie iragarle izan daitezkeenei, hau da, bilatzailean nabarmenduta azaldu nahi dutenei. Erabiltzailearen bilaketa-emaitzetan nabarmenduta erakusten dira iragarki horiek. Modu horretan, eskaintzen dugunaren gainean interesa dutenek ikusiko dituzte gure iragarkiak, horren inguruko bilaketa egin baitute.

Bilaketa naturalen edo organikoen emaitzekin batera azaltzen dira AdWords-eko babestutako iragarkien testuak. Emaitzen orrialdearen goialdean eta azpialdean, “Iragarkia” hitza duen testua azaltzen da, atzealde horiarekin, URL helbidearen ondoan (berdez), edo “Iragarkiak” hitza. Tarte horri Bilaketa Sarea esaten zaio.

Google AdWords eta Google AdSense zerbitzuen arteko aldea

Googlek publizitate-zerbitzua eskaintzeko beste modu bat du, Google AdSense. Kasu horretan, iragarkiak hirugarrenen web-orrietan kokatzen dira eta ez Googleren orrialdean, eta Googlek berak web-orri horien jabeekin partekatzen ditu publizitate mota horrek dakartzan diru-sarrerak. Iragarki horiek Google AdWords-eko testu-iragarkiek baino aukera gehiago eskaintzen dute, Google AdSense-ekoetan irudiak, banner dinamikoak, bideoak edo testuak sar baitaitezke.

Googlen publizitatea egitearen kostua

Googlek iragarkiaren gainean egiten den klik bakoitzeko kobratzen dio iragarleari, besterik ez. Klik bakoitzeko ordainketa-kontzeptuaren bidez, bere iragarkian erabiltzaileek egindako klik bakoitzeko ordaintzen dio iragarleak Googleri. Klik bakoitzaren prezioa ez da finkoa, enkante bidez eta kalitatearen arabera zehazten dute. Beraz, eskaintza-eskarien mende dago, baina baita iragarkiaren kalitatea eta nabarmentasuna zehazten duten beste faktore batzuen mende ere.

Iragarki batek kalitate handia duela onartzen da (eta ondorioz beste iragarle batenaren aurretik azaltzen da, hark gehiago ordaindu badu ere) erabiltzaileak bilatzen duena (Googleren bilatzailean idazten duen bilaketa-terminoa) iragarleak enkantean bereganatu nahi duen gako-hitzarekin oso lotuta dagoenean, eta estuki lotuta baita iragarkiarekin eta iragarlearen helburu-orrialdearekin (iragarkiko estekaren helmugarekin) ere. Puntuaziorik handiena duten helburu-orriak normalean ondo antolatuta egoten dira eta erabiltzaile baten bilaketa-terminoekin lotura duen testua izaten dute.

Zerbaiten bila dabilenak emaitza onak izan ditzala nahi du Googlek, ordaindutako emaitzak organikoak bezain onak izan daitezela.

Google AdWords-en bidez publizitate-kanpaina bat egitearen kostua mugatze aldera, hitz batean egindako klik bakoitzeko ordainduko duen gehieneko zenbatekoa zehazten du iragarleak; izan ere, hitz guztiek ez dute prezio bera. Beraz, klik bakoitzeko zentimo batzuk aurrez daitezke, eta baita euro batzuk ere, hitz berberarekin interesa duten iragarleen kopuruaren arabera. Nolanahi ere, klik bakoitzeko 0,2 eta 0,9 euro artean ordaintzen dute normalean.

Noiz eta nola erabili Google AdWords

Marketin-ekintza guztietan bezala, garrantzitsua da Google AdWords noiz eta nola erabili jakitea, zure inbertsioaren itzulkina ahalik eta handiena izan dadin.

Adwords-eko testu-iragarkiak eraginkorrak dira, erabiltzailea delako informazioa bilatzen duena, eta, beraz, eraginkortasuna lortzeko aukera gehiago dago. Dena den, salgai duzun produktuaren edo zerbitzuen arabera, zure gako-hitzen gaineko lehia izugarria izan daiteke eta aurrekontu handia beharko duzu emaitza nabarmenak izateko. Gako-hitz batzuetan klik bakoitza nahiko garestia izaten da, baina badira askoz merkeagoak direnak ere. Horregatik, Google Adwords tresna interesgarria izan daiteke marketin-aurrekontu txikia dutenentzat.

Edonola ere, gogoratu prezioa ez dagoela lehiaren mende bakarrik, kanpaina egituratzeko moduak ere badu zerikusia. Egoki bideratutako iragarki bat lehen tokian azal daiteke Googlen, 2. tokian azaltzen denak baino gutxiago ordainduta klik bakoitzeko, bilatzaileak erabaki duelako iragarki hori bilaketa horretarako egokiagoa dela. Hau da, lehen tokia ez da eskuratzen gehiago ordainduta bakarrik; iragarkiak erabiltzailearen eskariari erantzun behar dio, eta horretarako, balizko erosleak bilatzailean idatz dezakeenaren antzekoa izan behar du iragarkiaren testuak, ahalik eta antzekoena.

Enkantean gako-hitz eraginkorren aldeko eskaintza egin nahi badugu, gehienez bi edo hiru hitzeko testua aukeratu beharko dugu; beraz, hitz zehatzak behar dira, iragarkiaren testuarekin lotura zuzena dutenak. Gako-hitz egokiak aukeratzea izango da, neurri handi batean, Google AdWords-en egindako publizitate-kanpainaren arrakastaren giltza.

Lan hori errazte aldera, Google AdWords-ek berak gako-hitzen planifikatzailea eskaintzen du.

Nola erabiltzen da Google AdWords?

Esan dizugunez, Google AdWords-en oinarria enkanteak badira ere (zure gako-hitzean egindako klik bakoitzeko ordaindu nahi duzuna), iragarkiak eta helmugako landing pageak edo web-orriak duten kalitateak ere eragina du iragarki horrek bilaketaren emaitzen artean izango duen lekuan.

Lehenengo eta behin, kontua ireki behar duzu Google AdWords-en. Horretarako beharrezkoak dira helbide elektroniko bat eta enpresaren webgune bat. Webgunerik ez badu, AdWords Expressen bidez iragar daiteke produktua edo zerbitzua. Googleren bidez publizitatea online egiteko konponbide errazagoa da.

AdWords-en erregistratzeko, sar zaitez https://adwords.google.com helbidean eta egin klik berehala hasteko aukeran.

Kontua sortu ondoren, publizitate-kanpainak eta iragarkiak sortzen has zaitezke. Bideo honetan ikus dezakezu, urratsez urrats, nola konfiguratu.

Bukatzeko, esteka honen bidez aurkituko duzun gidaliburuan, kanpaina ahalik eta eraginkorrena egiteko modua azaltzen du Googlek.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Azken berriak