Gomendio batzuk zibererasoak saihesteko eta norbere negozioaren informazioa babesteko

Duela aste batzuk, munduak astindua jaso zuen, 150 herrialdetik gorako 200.000 ordenagailu baino gehiagotan eragin zuen ustekabeko eraso informatiko baten ondorioz.

Erakunde publikoak eta konpainia multinazionalak ez ezik, milaka enpresa txiki ere izan ziren zibereraso horren biktima. Haien ordenagailuak blokeatu eta fitxategi guztiak zifratu egin ziren.

Eraso informatikoaren ondoren, erasotzaileek ordainketa bat eskatu zieten eragindako enpresei, ekipoak desblokeatzearen truke, ordenagailuetan gordetako informazioa berreskuratzeko.

Zibereraso deritzenak nahiko gertakari berriak dira, eta oso arriskutsuak gainera, askotariko kalteak eragin ditzakete eta. Gure negozioaren martxa arriskuan jartzeaz gain, bezeroen datu pertsonaletan ere izan dezakete eragina, eta gure enpresari kalte egin diezaiokete, bai ospearen bai ekonomiaren ikuspuntuetatik, baldin eta hartuta genituen segurtasun-neurriak egokiak zirela frogatzen ez badugu.

Jarraian, aholku batzuk eskainiko dizkizugu, zure enpresan aplikatzeko eta, horrela, negozioaren segurtasuna hobetzeko.   

Eguneratzea

Funtsezkoa da ekipo informatikoak eta smartphoneak (telefono adimendunak) ondo eguneratuta egotea. Ordenagailu, tableta eta telefonoen sistema eragileek azken eguneratzeak izan behar dituzte instalatuta. Antibirusek ere azken bertsioa izan behar dute.

Era berean, segurtasun-kopiak egiteko sistemak eduki behar dira.

Posta elektronikoa eta nabigazioa

Sarritan, posta elektronikoa izaten da zibererasoak sartzeko aterik onena. Nahikoa da mezu elektroniko okerra irekitzea, gainerako guztiak kutsatzeko. Beraz, ezinbestekoa da posta elektronikoa babesteko tresna informatiko egokiak erabiltzea. Ildo horretan, ez da ireki behar jatorri ezezaguneko fitxategirik edo estekarik, direla mezu elektronikoen bidez jasotakoak, direla fidatzekoak ez diren webguneetatik deskargatutakoak.

Interneteko nabigazioari dagokionez, enpresak ekipo guztiak babestu behar ditu edozein mehatxuren aurrean.

Malwareak edo programa gaiztoak detektatzea

Ekipoak prest edukitzea funtsezkoa da, baina ez ditugu ahaztu behar prebentzioa eta detekzio teknologikoa. Edozein mehatxu mota saihesteko, enpresek malwarea detektatzeko eta horiek azpiegituran duten eragina ebaluatzeko kanpainak egin behar dituzte.

Isolatzea

Birus batek kutsatutako ordenagailua aurkituz gero, isolatu egin behar duzu lehenbailehen, besteak ez kutsatzeko. Behin isolatuta, erabat garbitu eta leheneratu egin behar da sistema.

Berreskuratzea

Enpresak segurtasun-neurri asko hartu arren, inork ezin du % 100ean ziurtatu bere ateak zeharkaezinak direla. Azkenean, litekeena da kutsatuta bukatzea. Horregatik, komeni da neurri batzuk prestatuta edukitzea, galdutako materiala berreskuratzeko, baldin eta zibersegurtasunari lotutako arazoak gertatzen badira.

Azken berriak