Ezkontzaren ondasun-eraentzarik egokiena autonomoarentzat

Enpresariak ezkontzekotan direnean, eta dagoeneko ezkonduta badaude ere bai, askotan galdetzen dute zein den ezkontzaren ondasun-eraentzarik egokiena beren ondare pertsonala babesteko.

Izan ere, enpresa-jarduerak arrisku ekonomikoak dakartza beti. Alabaina, arrisku horrek ondorio handiagoak edo txikiagoak eragin ditzake bikotearengan, ezkontzaren ondasun-eraentzaren arabera.

Gainera, enpresaburu indibidualei edo langile autonomoei bereziki erreparatuta, Kode Zibilaren 1911. artikuluak xedatutakoa izan behar dugu kontuan: «zordunak bere ondasunekin, oraingoekin eta etorkizunekin, erantzun beharko die bere betebeharrei».

Artikulu honetan, ezkontzaren ondare-eraentzarik ohikoenen ezaugarri nagusiak azalduko ditugu, ezkontideetako batek jorratzen duen enpresa-jardueraren ondoriozko zorrek bikotearen ondasunetan izan ditzaketen ondorio juridikoak hobeto ulertzeko.

Ezkontzaren ondare-eraentzarik ohikoenak

Bi dira ohikoenak: ezkontzaren ondasunen irabazpide-eraentza batetik, eta ezkontzaren ondasunen banantze-eraentza bestetik.

Eraentza bakoitzak arau juridiko propioak ditu bikotearen arteko eta hirugarrenekiko ondare-harremanak xedatzeko.

Irabazpidezko sozietatea:

Eraentza horren bidez, bi ezkontideek eskuratutako irabazi eta mozkin guztiak bientzat izango dira, eta soilik ezkondu aurretik zituzten ondasunak gordeko dituzte jabetza propiotzat. Adibidez, ezkondu aurretik ezkontideetako batek zeukan etxebizitza edo autoa.

Zentzu horretan, Kode Zibileko 1346. artikuluak ezkontide bakoitzaren ondasun pribatiboak zerrendatzen ditu:

  • Sozietatea hasi aurretik ezkontide bakoitzarenak ziren ondasun eta eskubideak.
  • Ezkondu ondoren, doan eskuratzen dituztenak (herentzia edo dohaintza bidez, esaterako).
  • Ondasun pribatiboen kontura edota halakoen ordez eskuratutakoak (adibidez, ezkontideetako baten jabetzako finka bat saltzetik lortu den dirua beste etxebizitza bat erosteko erabiltzen bada).
  • Soilik ezkontideetako batena den atzera eskuratzeko eskubide bidez eskuratutakoak.
  • Pertsonari atxikitako ondasun eta ondare-eskubideak, eta inter vivos eskualdatu ezin direnak.
  • Ezkontideetako bati edo beraren ondasun pribatiboei eragindako kalteen ordaina.
  • Balio handikoak ez diren erabilera pertsonaleko arropa eta objektuak.
  • Lanbidea jorratzeko behar diren tresnak, salbu eta bi ezkontideena den saltoki edo ustiategi batekoak badira (adibidez, bere lanbiderako tresnak eta makinak erosten dituen odontologoa).

Kode Zibileko 1347. artikuluak, berriz, irabazpidezko ondasunen zerrenda egiten du:

  • Ezkontideetako baten lanaren edo industriaren bidez eskuratutakoak.
  • Ondasun pribatiboek nahiz irabazpidezkoek ematen dituzten errentak, etekinak eta interesak (adibidez, bi ezkontideetako baten ondasun pribatiboaren alokairuak).
  • Bi ezkontideen ondasunez erositako gauzak, eta berdin dio ezkontideetako batentzat soilik erosi diren ala bientzat erosi diren.
  • Irabazpidezko atzera eskuratzeko eskubidez erositakoak, nahiz eta fondo pribatiboekin eskuratu. Kasu horretan, ordaindutako balioa zor izango dio sozietateak ezkontide horri.
  • Sozietateak dirauen bitartean bi ezkontideetako edozeinek ondasun erkideak erabiliz eratutako enpresak eta saltegiak. Enpresa edo saltegia eratzeko kapital pribatiboa eta erkidea, biak ala biak, erabili badira, 1354. artikuluak dioena ezarriko da.

Kode Zibileko 1441. artikuluak dioenez, ondasun edo eskubide bat bi ezkontideetako zeinena den egiaztatu ezin denean, titulartasuna erdibana banatuko da.

Orain interesatzen zaigunaren harira, aipagai dugun eraentzaren ondorioz, ezkondu ondoren ezkontideek eskuratzen dituzten ondasun guztiak irabazpidezko ondasunak izango dira eta, beraz, ezkontide enpresariak (autonomoak) enpresa-jardunaren ondorioz hartzen dituen zorrak kitatzeko erabili beharko dira.

Enpresa-jarduera merkataritza-sozietate baten bidez edo kooperatiba-sozietate baten bidez jorratzen bada, ordea, erantzukizuna kapital sozialera mugatuko da. Dena dela, administratzaileak sozietateko ordezkari eta kudeatzaile gisa zituen eginbeharrak egoki bete ez zituela eta, haren erantzukizuna ebatziko balitz, beraren ondasun pribatiboak eta irabazpidezko ondasunak ere erabili beharko dira sozietatearen zorrak ordaintzeko.

Ondasunen banantze-eraentza:

Eraentza horretan, ezkontide bakoitzak bere ondarea gordetzen du. Hau da, ezkontide bakoitzak beretzat gordetzen ditu ezkondu aurretik zituen ondare guztiak, baina baita ezkondu ondoren edozein bidetatik eskuratzen dituenak ere. Hartara, ezkontide bakoitzari dagokio ondasun horiek kudeatzea, erabiltzea eta nahi duen bezala bideratzea.

Halakoetan, ezkontideetako batek egiten duen enpresa-jardueraren ondorioz sortzen diren zorrek ezkontide horren ondasunei baino ez die eragingo, eta ez, ordea, beste ezkontidearenei (ez bada enpresan ez dabilen ezkontideak autonomoaren abal-emaile gisa sinatu duela).

Enpresa-jarduera jorratzen duena merkataritza-sozietatea edo kooperatiba bada, enpresaren betebeharrak sozietate horren ondasunetan gauzatuko dira, administratzaileen ondasun pertsonalak ukitu gabe, salbu eta sozietatearen administratzaileen erantzukizunari buruzko lege-aurreikuspenak ezarri badira.

Azken ondorioak:

Ikusten dugunez, ondasunen banantze-eraentza da bien artean egokiena eta, ondorioz, ezkontideetako batek enpresa-jarduera jorratzen duenean, ondasunen banantze-eraentzaren alde egitea komeni da.

Izan ere, Kode Zibilak, EAEko Foru Legeak nahiz Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioak ezkontzaren eraentza libreki aukeratzeko eskubidea aitortzen die ezkontideei. Ildo beretik, ezkondu aurretik nahiz ezkondu ondoren, ezkontideek kontratu bidez adostu ahal izango dituzte bikotearen ekonomia-arloa arautuko duten xedapenak, eta ondasunak banantzea ere hitzartu ahal izango dute.

Ezkontza-kontratu edo -hitzarmen horri «ezkontzako itun» esaten zaio, eta notario aurrean egindako dokumentu publiko batean egin ondoren, Erregistro Zibilean inskribatu behar da, egindako ezkontzaren inskripzioaren ondoan, hirugarrenen aurrean eragina izan dezan.

Azken berriak