Elektrizitate-merkaturatzaile berriak: nire negoziorako dirua aurrezteko modua?

Azken urteotan argindarraren kostuak izan duen hazkundeak kezka handia eragin die etxeko kontsumitzaileei nahiz enpresari txikiei; izan ere, argindarraren kostua igo ahala, beraien irabazi-marjina murriztu egiten da.

Horiek horrela, azken urteotan elektrizitatea merkaturatzeko enpresa berriak sortu dira ohiko enpresei (Iberdrolari, Endesari eta enparauei) lehia egin nahian eta argindarraren fakturan murrizketak iragarriz. Era berean, argindarraren fakturak berak gero eta garrantzi handiagoa hartzen du, bertan agertzen diren tarifa eta kontzeptu ugariak ulergaitzak baitira jende askorentzat. Artikulu honetan, elektrizitatearen merkatuak nola funtzionatzen duen azaldu eta argindarraren truke pixka bat gutxiago ordaintzeko zer aukera eta bide dauden argitzen ahaleginduko gara. Hemen aipatuko ditugun kontuetako batzuk etxeko kontsumitzaileei zuzenduta dauden arren, beste asko enpresaburuek ere erabil ditzakete negozioetan.

Argindarraren merkatua

Gaur egun, energiaren kontratua potentziaren araberakoa da, eta bi elektrizitate-merkatu daudela hartu behar dugu kontuan: merkatu arautua batetik eta merkatu askea bestetik.

Kontratatutako potentzia 10 kW-ekoa edo txikiagoa bada, bi merkatuotako edozein aukera dezakegu: merkatu arautua —bi tarifa ditugu aukeran: 1) KTBP (kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioa), prezioa orduaren eta egunaren arabera aldatuta; eta 2) 12 hilabeteko prezio finkoko tarifa—, edota merkatu askea —merkatu askeko edozein merkaturatzailerekin kontratatzen dugu argindarraren hornidura, kontsumitzailearen eta merkaturatzailearen artean hitzartutako prezioan eta baldintzekin—.

KTBP tarifari eta urteko prezio finkoko tarifari begiratzen badiegu, lehenik eta behin esan behar dugu erreferentziako merkaturatzaileak esaten zaien horiek (Iberdrolak, Viesgok, Endesak, Gas Naturalek eta EDPk) baino ezin dituztela eskaini. Merkatu libreari dagokionez, ordea, ehunka enpresa merkaturatzaile daude (ikusi zerrenda hemen).

Goi-tentsioko hornidura dutenek eta behe-tentsioko 10 kW-etik gorako potentzia kontratatuta dutenek merkatu librean baino ezin dute eskuratu argindarraren hornidura.

Fakturak dituen hiru osagaietatik bi partekatzen dituzte bi merkatuek: kontratatutako potentziagatiko sarbide-sariak —Gobernuak finkatzen ditu eta sare elektrikoaren kostua ordaintzeko eta energia zure lokalera edo egoitzara eramateko balio dute— eta zergak. Bi merkatuen aldea, beraz, hauxe da: elektrizitatea ekoizteagatik kobratzen den prezioa. Horiek horrela, bi bide ditugu dirua aurrezteko: higiezinaren premietara hobeto egokituko den potentzia kontratatuz eta energia prezio txikiagoan erosiz. Energia-efizientziako neurriak ahantzi gabe, jakina. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak konparatzaile bat dauka bere webgunean, konpainia merkaturatzaileen tarifak ikusteko.

Energia-tarifen motak

Tarifa bat kontratatzean, kontsumitzaile txikiek merkatu arautura edo merkatu librera jo dezakete, beraz. Eta, lehenengo kasuan, kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioa edo urteko prezio finkoa aukera dezakete —badago beste modalitate bat, gizarte-bonoa (edo azken aukerako tarifa) izenekoa, baina erabiltzaileak zenbait baldintza bete behar ditu aitor diezaioten—.

Merkatu arautua: kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioa (KTBP)

Konpainiek gehienez KTBPa kobra diezaiekete, 10 kW-etik beherako potentzia kontratatuta edukita, tarifa horren alde egiten duten kontsumitzaileei. Bide hori aukeratuko dute argindarraren merkatuak fakturazio-aldi bakoitzean (orduz ordu eta egunez egun) markatzen duen prezioaren arabera ordaindu nahi duten guztiek. 10 kW-eko edo hortik beherako potentzia kontratatuta duten kontsumitzaileek aukera dezakete argindarraren tarifa hori.

Erreferentziako merkaturatzaileek soilik eskain dezakete KTBPa.

Halere, merkaturatzaile askok negozio txikiei egiten dizkieten eskaintza pertsonalizatuak KTBParen funtzionamenduan oinarritzen dira, baldin eta 10 kW-etik beherako potentzia badute kontratatuta.

A priori, pentsatzekoa da ez dela alderik egongo KTBPa duten erabiltzaileek ordaintzen duten prezioan edota fakturatzeko moduan. Praktikan, ordea, hori ez da horrela izaten. Fakturatzeko modua desberdina izango da erabiltzaileak etxebizitzan kontagailu adimenduna izan ala ez.

Etxebizitzan kontagailu adimenduna dagoenean

Etxean kontagailu adimenduna duten erabiltzaileek orduan-orduan handizkako merkatuan argindarrak duen prezioaren arabera ordainduko dute. Izan ere, elektrizitate-konpainiak uneoro eta etengabe izaten du bezeroen kontsumoaren berri. Erabiltzaile horiek egun bakoitzean eta ordu bakoitzean elektrizitatearen kontsumoak zer prezio duen ikusiko dute fakturan, eta kontsumo-ohiturak aldatu eta ohitura merkeagoetara jotzeko aukera izango dute.

Etxebizitzan kontagailu adimendunik ez dagoenean

Kontagailu zaharra duten kontsumitzaileei dagokienez, prezioa ez da ordukakoa izango, fakturazio-aldi bakoitzaren batez bestekoa baino. Izan ere, kontagailua adimenduna ez bada, ezin du antzeman kontsumitzaileak egun eta ordu zehatz batean (eta uneoro) zenbat kontsumitzen duen eta, horregatik, prezioa fakturazio-aldi osoko batez bestekoa izango da, zer ordutan kontsumitu den kontuan hartu barik.

Ukaezina da, ordea, KTBPak zalantza eragiten duela argindarraren prezioan (ez epe laburrean akaso, baina bai epe ertainean), merkatu horrek bere burua arautzen duelako eta nahikoa hegakorra izaten delako; hau da, bizkor egin dezakeelako gora edo behera, eskaintzaren eta eskariaren arabera.

Merkatu arautua: urteko prezio finkoa

Badago beste aukera bat, kontsumitzaileak 12 hilabetean argindarraren truke zehazki zenbat ordainduko duen jakiteko aukera ematen duena. Horri esker, KTBPak duen aldagarritasunaren faktorea kentzen da. Tarifa horretan, kontsumoaren kostua (zati aldagarria) finko mantentzen da.

Behin hamabi hilabeteak igaro ondoren, berriz, prezioa aldatu eta berritu egingo da. Horregatik, berariaz eskatu behar da berriro ere.

Erreferentziako merkaturatzaile guztien prezio finkoa Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren webgunean dago argitaratuta.

Laburtuta, modalitate horrek hauxe dakar:

  • Kontratatzeko konplexutasun handiagoa.
  • Berritzeko konplexutasun handiagoa.
  • Kontratatutako prezioan gutxienez urtebetean irauteko betebeharra. Urtebetea amaitu aurretik bezeroak baja ematen badu, zigortzeko aukera dago.
  • Urte horretan, ezinezkoa da produktu edo zerbitzu osagarriak kontratatzea.

Merkatu librea

Erreferentziako merkaturatzaileek merkaturatzaile propioak sortu badituzte ere merkatu librean aritzeko, preziotan lehian sartzeko aukeraren ondorioz, tokian-tokian edo estatu osoan aritzen diren elektrizitate-merkaturatzaile berri ugari sortu dira. Horietako batzuk ezagun-ezagunak dira, hala nola Pepeenergy (www.pepeenergy.com), Pepephone telefono-enpresaren elektrizitate-konpainia eta Holaluz (www.holaluz.com), hedabideetan presentzia handia duena.

Enpresa horiek eskaintzen duten merkataritza-argudio nagusia da prezio merkeagoak eta deskontuak eskaintzen dituztela. Halere, enpresa horiekin zerbitzua kontratatu aurretik, aurrezteko aukera benetakoa den aztertu behar dugu. Askotan agertzen den beste zalantza bat: zerbitzuaren eta energia-horniduraren kalitatea. Horri dagokionez, jakin ezazu edozeinekin kontratatzen duzula ere, banatzailearen (argindarraren ekoizlearen) ardura dela argindar-hornikuntza egongo dela eta matxurarik egongo ez dela ziurtatzea. Zure merkaturatzailea edozein izanik ere, banatzaileak bermatuko ditu hornidura eta kalitatea.

Merkaturatzailearen ardura izango dira, ordea, fakturak eta prezioak zuzenak eta zorrotzak izatea, bezeroarentzako arreta, aukerako mantentze-lanak (baldin eta kontratatzen badituzu)… Era berean, merkaturatzailea izango da zure mintzakidea zure izenean banatzailearen aurrean kudeaketak egiteko (potentzia aldatzea edo kontagailuaren irakurketan arazoren bat erreklamatzea).

Berrikuntzarik handienak: argindar-kooperatibak eta taldekako energia-erosketa

Jendarte zabalak are gutxiago ezagutzen ditu argindar-kooperatibak. Beraien dohainik handiena: batzuek, merkaturatzaileak izateaz gain, energia berriztagarria ere ekoizten dute.

Som Energia da estatuan sortu zen halako lehen kooperatiba. Hasiera batean, 178 bazkide sortzailek bultzatutako tokiko proiektua izan zenak garapen izugarria eduki du, eta, gaur egun, Europako kooperatibarik handienetakoa da, 35.000 bazkide baino gehiago eta 55.000 hornidura-kontratu baino gehiago bilduta. Elektrizitatea sortzeko zentralak ere baditu.

Pixkanaka-pixkanaka beste kooperatiba batzuk ere sortu dira, hala nola Goiener Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Emasp Nafarroan.

Ohikoa bihurtu da, halaber, energia taldean erostea. Batez ere enpresa-erakundeek, kontsumo-elkarteek eta argindar-merkaturatzaileek egiten dute, eta berdin egiten dute 3.1 A goi-tentsioko tarifan behe-tentsioko eta kontsumo txikiko enpresentzat zein 10 kW-erainoko potentzia duten etxeko kontsumitzaileentzat.

Taldean egindako erosketen asmoa da, partaideen ehuneko handi batek dirua aurreztea, guztien eskabideak bateratuz merkatuan prezio hobean erosteko posizio hobea lortzen baitute, banaka joanez baino.

Azken berriak