Gizarte Segurantzako tramiteak bitarteko elektronikoen bidez egiteko gida

Lehengo batean argitaratu genuen legez, datorren urriaren 1etik aurrera norberaren konturako langileek bitarteko elektronikoen bidez egin ahal izango dituzte Gizarte Segurantzako tramiteak, baita jakinarazpenak jaso eta sinatu ere.

Horretarako, Datuen Igorpen Elektronikoko Sisteman (DIE sisteman) sartu beharko dute, horren bidez bakarrik egin ahal izango baitira afiliazioari, kotizazioari eta kuota-bilketari lotutako tramiteak. Betebehar horrek jakinarazpenak jasotzea ere hartzen du barne; hortaz, jakinarazpenak jaso eta sinatzeko dagokion zerbitzuan sartu beharko du langile autonomoak Gizarte Segurantzako Egoitza Elektronikoan (SEDESSen).

Betebehar hori betetzeko bi aukera ditu langileak: DIErako baimendutako norbaiten bidez gestionatzea tramiteak (aholkularitza-enpresa bat izaten da normalean) edo zuzenean Egoitza Elektroniko horretan egitea. Orain arte, langile kontratatuak zituzten autonomoak bakarrik zeuden behartuta DIE Sisteman sartzera. Araudi berriak, ordea, besteren konturako langilerik kontratatuta ez duten autonomo guztiak ere hartzen ditu barne.

Artikulu honetan saiatuko gara azaltzen noraino heltzen den betebehar hori eta nola bete dezakezun, baldin eta oraindik ez baduzu betetzen kontrataturiko aholkularitza-enpresa baten bidez.

Nori eragiten dio ESS/214/2018 Aginduak, 2018ko martxoaren 1ekoak, betebehar hori arautzen duenak?

Zehazki, norberaren kontura diharduten langile edo autonomoei, Nekazaritzako Langileentzako Erregimen Berezian daudenei eta Itsas Langileen Erregimen Bereziko I. taldean daudenei eragiten die.

Autonomoa banaiz, zein dira nire betebehar berriak?

Ministro-agindu honek afiliazioari, kotizazioari eta kuota-bilketari lotutako tramite guztiak bitarteko elektronikoen bidez gestionatzeko beharra ezarri du. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren jakinarazpenak eta komunikazioak ere SEDESSen bidez hartu behar dira.

Noiztik?

Ministro-aginduak sei hilabeteko egokitzapen-aldi iragankorra ezarri du, agindua apirilaren 1ean indarrean jartzen denetik hasita. Beraz, betebeharra 2018ko urriaren 1etik aurrera izango da eraginkorra egun horretan eragindako erregimenetan alta emanda dauden langile autonomoentzat.

Non gestiona ditzaket Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiko tramiteak?

Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak bi kanal elektroniko ditu, langile autonomoak bere gestioak egin ditzan:

  1. Gizarte Segurantzako Egoitza Elektronikoa (sede.seg-social.gob.es). Bertan, langile autonomoak zuzenean egin ditzake bere Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiko tramiteak, SEDESSek eskuragarri dituen zerbitzu elektronikoen bidez. Erregistro Elektronikoaren bidez ere eskabideak aurkezteko aukera eskaintzen dute zerbitzu batzuek.
  2. DIE (Datuen Igorpen Elektronikoa) Sistema. Horretan, baimendu batek norberaren konturako langilearen izenean dihardu. Gizarte Segurantzako Egoitza Elektronikoan (SEDESSen), langile autonomoaren afiliazio-zenbakia DIEko baimendu bati esleitzea gestiona daiteke.

Zer behar dut Egoitza Elektronikoaren zerbitzuak erabiltzeko?

Egoitza Elektronikoaren zerbitzuak erabiltzeko, nortasuna egiaztatzeko sistema behar du autonomoak. Gizarte Segurantzak honako identifikazio-sistema hauek onartzen ditu:

  • Ziurtagiri digitala
  • NAN elektronikoa
  • Cl@ve

Gizarte Segurantzako bulegoek erraztasunak jartzen dituzte Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionalaren ziurtagiri pertsonala eskuratzeko eta Cl@ve sisteman erregistratzeko.

Zer zerbitzu eskaintzen dizkie Gizarte Segurantzako Egoitza Elektronikoak langile autonomoei?

Langile autonomoek zerbitzu-sorta zabala dute SEDESSen, Gizarte Segurantzako afiliazioari eta kotizazioari lotutako tramiteak kudeatzeko. Besteak beste, honako tramite hauek egin ditzakete:

  • Langile Autonomoen Erregimen Berezian alta ematea.

Jarduera hasi aurretik (60 egun naturalera arteko aurrerapenez) jakinaraz daiteke. Jakinarazpen hori funtsezkoa da, autonomoa alta emanda dagoen egun-kopuruaren arabera kotizatzen delako orain erregimen horretan, eta ez hil-kopuruaren arabera, 2017ra arte egiten zen bezala. Beraz, tramite horren gestio okerrak zenbait onura galtzea ekar lezake, esaterako tarifa finkoa.

  • Langile Autonomoen Erregimen Berezian baja ematea.

Baja jakinarazteko epea jarduera utzi ondorengo hiru egun naturalekoa da.

  • Kotizazio-oinarria aldatzea.

Urte naturalean lau aldiz eska daiteke kotizazio-oinarria aldatzeko.

  • Langile Autonomoen Erregimen Bereziko kontingentzien aldaketa eskatzea hurrengo urterako.

Honako kontingentzia hauen estaldura-datuak alda daitezke hurrengo urterako: aldi baterako ezintasunak, lan-istripuak, gaixotasun profesionalak, jarduera uztea eta mutualitatea.

  • Norberaren Konturako Langileen edo Autonomoen Erregimen Berezian jarduera eta datuak aldatzea.

Horrez gain, langile autonomoak txosten eta ziurtagiriak eska ditzake SEDESSen, baita gestioak egin ere:

  • Norberaren Konturako Langileen edo Autonomoen Erregimen Berezian alta edo baja emateko ebazpenaren kopia.
  • Erregimenean ordaindutako kotizazio-oinarriei eta kuotei buruzko txostena edo kontsulta.
  • Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatearen txostena edo ziurtagiria.
  • Lan-bizitzari buruzko txostena.
  • Gizarte Segurantzako kuoten ordainketa helbideratzea.
  • Datu pertsonalak jakinarazi eta eguneratzea (helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa eta abar).

Informazio gehiago nahi baduzu, klikatu hemen.

[SAKATU HEMEN ARTIKULU GUZTIAK IKUSTEKO]

Azken berriak