Autonomoen Lege berriak ekar ditzakeen aldaketak

Joan den urtearen amaieran, Lan Autonomorako Premiazko Erreformei buruzko Legearen proposamena izapidetzen hastea onartu zen. Lege horrek norberaren konturako langileen jarduera bultzatzea, administrazio- eta zerga-kargak murriztea, gizarte-babesa hobetzea eta lana eta familia uztartzeko aukera erraztea du helburu. Horretarako, kuotak ordaintzean gertatzen diren atzerapenengatiko zehapenak modulatzeko neurriak (% 3tik % 20ra –hiru hilabetetik gorako atzerapenaren kasuan– bitarteko zehapenak ezarriko dira) eta kotizazio-oinarriak aldatzeko eta kuoten ordainketa altaren eta bajaren unera egokitzeko malgutasun handiagoa jasotzen ditu legearen proposamenak.

[LAN AUTONOMOAREN PREMIAZKO ERREFORMEI BURUZKO LEGEAREN PROPOSAMENAREN TESTUA]

Zer neurri biltzen ditu?

Proposamena eztabaidatzen ari da oraindik Kongresuan, eta lau atal handitan egituratuta dago:

Kotizazio sozialen ordainketan gertatzen diren atzerapenengatiko zehapen txikiagoak. Malgutasun handiagoa oinarrietan eta ordaindu beharreko kuotetan

I Tituluak norberaren konturako langileen edo autonomoen administrazio-kargak murrizteko neurri sorta bat biltzen du. Lehenik eta behin, langile autonomoen Gizarte Segurantzarako kuotak epez kanpo ordaintzeagatiko errekarguak modulatu egiten dira, eta, era horretan, haien zenbatekoa proportzionaltasun-printzipiora egokituko dela bermatzen da.

Ildo horretan, orain arte Gizarte Segurantzarako kuotak epearen barruan ez ordaintzeagatik ezarri diren % 20ko errekarguak murriztu egingo dira. Lege berriarekin, honako errekargu hauek ezarriko dira:

  • Zorraren % 3ko errekargua, kuotak arauzko epea amaitu eta lehen hilabetearen barruan ordaintzen badira.
  • Zorraren % 5eko errekargua, kuotak arauzko epea amaitu eta bigarren hilabetearen barruan ordaintzen badira.
  • Zorraren % 10eko errekargua, kuotak arauzko epea amaitu eta hirugarren hilabetearen barruan ordaintzen badira.
  • Zorraren % 20ko errekargua, kuotak arauzko epea amaitu eta hirugarren hilabetetik aurrera ordaintzen badira.

Halaber, autonomoek hilabete osoa kotizatu behar ez izatea eta altak eta bajak hartzen diren egunetik aurrera zenbatzea hartzen da kontuan. Bestalde, autonomoak urtean lau aldiz aldatu ahal izango du kotizazio-oinarria, arautegiak ezartzen dituen gutxieneko eta gehieneko mugen barruan.

Tarifa laua luzatzea eta beste hobari batzuk

II. Tituluan ezartzen denez, autonomo berrientzako 50 euroko kuota murriztua egungo sei hilabeteetatik hamabi hilabetera luzatuko da. Halaber, lan autonomoa bultzatu eta sustatzeko aurreikusitako gainerako hobariak aldi berean luzatuko dira (gutxieneko kotizazio-oinarria aukeratzen ez dutenen kasuan, adibidez). Gainera, hainbat hobari eta murrizketari eutsiko zaie 24 hilabeteko aldia osatu arte (kuotaren ehuneko 30etik 50era bitartekoak izango dira).

III. Tituluan, langile autonomoen lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzeko hainbat neurri garatzen dira.

Egoera berezietan dauden langile autonomoen Gizarte Segurantzarako kuoten hobaria hobetzea.

Alde batetik, autonomoentzako hobariak hobetuko dira, ordeztuak izan nahiz ez izan, amatasuneko atsedenaren, adopzioaren, harreraren, aitatasunaren, haurdunaldiko arriskuaren edo edoskitze naturalari lotutako arriskuaren aldietan. Ildo horretan, langile autonomoak jasaten duen kuotaren % 100era igoko da hobari horien zenbatekoa.

Era berean, amatasunaren ondorengo bi urteen barruan beren jarduerara itzultzen diren ama autonomoen pizgarri ekonomikoak Erregimen Orokorreko emakume langileek dituztenekin parekatuko dira. Ildo horretan, beren jarduera amatasunagatik utzi duten, dagokien atsedenaldia hartu duten eta erditze-egunaren ondorengo bi urteen barruan berriz ere norberaren konturako jarduera bat egiten hasten diren Langile Autonomoen Erregimen Bereziko norberaren konturako emakume langileek kontingentzia arruntengatiko kuotaren (hots, kotizazio-tasa Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Autonomoen Erregimen Berezian indarrean dagoen gutxieneko oinarriari aplikatzearen emaitzazko kuotaren) ehuneko 100eko hobari bat jasotzeko eskubidea izango dute, kotizazio-oinarria edozein izanik ere eta hamabi hilabeteko aldi batean.

Hobari hori adierazitako Erregimen Berezian dauden Lan Elkartuko Kooperatibetako emakume bazkide langileei ere aplikatuko zaie.

Neurri batean jarduera ekonomiko batekin lotuta dauden automobilen eta lotutako lokalik gabe jarduera ekonomiko bat egiten duten zergadunen ur- eta elektrizitate-horniduren inguruko gastuak PFEZetik kentzeko aukera.

Azkenik, neurri batean jarduera ekonomiko batekin lotuta dauden automobilen eta lotutako lokalik gabe jarduera ekonomiko bat egiten duten zergadunen ur- eta elektrizitate-horniduren inguruko gastuak neurri batean PFEZetik kentzeko aukera jasotzen du Tituluak. Dena dela, kasu horretan, foru-ogasunen zerga-eskumenek ezarrita dute nola aplikatzen diren alderdi horiek [IKUS “IBILGAILUEN ETA HORIEN GASTUEN KENGARRITASUNA BEZ ETA PFEZ ZERGETAN” ARTIKULUA], eta, beraz, atal honek ez du ondorio praktikorik lurralde-eremu horretan.

Zer neurri ez ditu jasotzen?

Beste neurri batzuei buruz ere eztabaidatu da (hala nola diru-sarrera errealen araberako kuota progresiboa, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatatik beherako diru-sarrerak dituztenei kotizatzeko betebeharra kentzea edota erretiro-pentsioaren % 100 kobratzeko aukera eta autonomo gisa lan egiteko aukera bateragarri egitea), baina ez dira legearen proposamen honen testuan jaso.

 

Azken berriak

Gobernuak Lan Autonomoaren Legea onartu du

Honako hauek ditugu Legearen neurririk nabarmenetako batzuk: Tarifa laua hobetzea. Gaur egungo sei hilabeteetatik urtebetera luzatuko da autonomo berrientzako 50...