Autoenplegurako eta besteren kontura kontratatzeko laguntzak

Consulting-Pro zerbitzuan jorratzen dugun gairik ohikoenetako bat laguntzak dira, bai autoenplegurako eta enpresak sortzeko laguntzak, bai pertsonala kontratatzekoak. Urtero legez, mintegi batzuk antolatu ditugu profesional eta enpresa txikientzat dauden laguntza-programa nagusien berri emateko [EMAN IZENA HEMEN]. Hori aprobetxatuz, artikulu honetan azalduko dizkizuegu autoenplegurako eta besteren kontura kontratatzeko laguntza-programa nagusiak. Horrela, duela hilabete pare bat antzeko gairi buruz emandako informazioa eguneratu eta handitu ahal izango dugu [IKUSI ENPRESA SORTU BERRIENTZAKO LAGUNTZEI BURUZKO ARTIKULUA][IKUSI ENPRESA SORTU BERRIENTZAKO LAGUNTZEI BURUZKO II. ARTIKULUA].

Artikulu honetan, Euskadin eta bertako hiru lurraldeetan dauden laguntzak ikusiko ditugu. Nafarroakoak ikusi nahi badituzu, egin klik esteka honetan [IKUSI NORBERAREN KONTURAKO ETA BESTEREN KONTURAKO ENPLEGURAKO LAGUNTZEI BURUZKO ARTIKULUA: NAFARROA].

Gogoan izan informazio gehiago eskura dezakezula laguntza-programa bakoitzari buruz LAGUNTZAK ETA DIRU-LAGUNTZAK atalean, baita mezu elektroniko bat bidalita consultas@consulting-pro.org helbidera eta webguneko KONTAKTUA atalaren bidez ere.

Autoenplegurako eta enpresak sortzeko laguntzak

Tokiko administrazioen programa zehatzekin hasi aurretik, komeni da gogoratzea Lan Autonomoaren Legea onartu zenetik autonomo berrientzako tarifa finkoak izan dituen aldaketak. Hala, lehengo sei hilabeteetatik gaur egungo urtebetera luzatu da autonomo berrientzako 50 euroko kotizazioa Gizarte Segurantzan. Horrez gain, jarduera eten eta bi urte geroago ere berreskuratu ahal izango da kotizazio-mota hori. Orain arte, ordea, autonomoek bost urtez itxaron behar zuten jarduera utzi ondoren, abantaila horretaz berriro baliatu ahal izateko.

Gainera, 30 urtetik beherako gazteek eta 35 urterainoko emakumeek hiru urtez jaso ahal izango dituzte kotizazio-hobariak.

Bestalde, ekintzaileak tarifa finkoaren hobariari eutsiko dio, nahiz eta besteren konturako langileak kontratatu. Orain arte, soldatapeko pertsonaren bat zeukatenek galdu egiten zuten abantaila hori.

1. Autoenplegurako eta enpresak sortzeko laguntzak

Laguntza autonomikoak

Lanbidek jardunbide batzuk ditu. Horien artean, ekintzaileei enpresa-jarduera sendotzeko zuzendutako laguntzak dira azpimarragarrienak. Horien bidez, deialdi bakoitzean zehaztutako epean norberaren konturako enpresa-jarduerari ekin diotenei laguntzak ematen zaizkie gastu jakin batzuetarako [IKUSI 2017KO DEIALDIA].

Diru-laguntza 2.500 eurokoa da gehienez onuradun bakoitzeko, baina % 30eraino handitzen zaie 25 urtetik beherakoei eta emakumeei. Diru-laguntza ezin da 6.000 €-tik gorakoa izan ondasun-erkidego edo sozietate zibil bateko kide guztientzat.

Bestalde, Landa-eremuen garapenerako eta ekonomia-dibertsifikaziorako laguntza-programaren bidez, autonomoen erregimenean alta emanda dauden pertsona fisikoek enpresa txiki eta ertainak eta proiektuak abian jartzeko laguntzak ematen ditu Eusko Jaurlaritzak, betiere inbertsioak nekazaritzako elikagaien produktuak ekoiztu, eraldatu eta merkaturatzeko ez badira (badago beste programa bat horrelako proiektuetarako) eta landa-eremuan kokatu edo bizi diren onuradunek nekazaritzan jarduten ez badute.

Horrez gain, gizarte-ekonomiako enpresak sortzeko beste programa batzuk ditu Eusko Jaurlaritzak. Hala, Gizarte-ekonomian ekiteko laguntza-programak diru-laguntzak ematen ditu kooperatiba eta lan-sozietateak sortzeko. Gehienez 2.100 euro ematen ditu halako enpresetan sartzen den langile finko bakoitzeko, eta zenbateko hori handitu egiten da bazkide langile gehienak emakumeak badira.

Gainera, enpresan sartzen diren pertsonak langabeziatik badatoz, 2.800 euro gehiago eskura ditzakete, baldintza jakin batzuk betetzen badituzte.

Foru-laguntzak

Bizkaian, programarik zabalena (Enpresen sorrera eta autoenplegua sustatzeko laguntzak) Bizkaiko Foru Aldundiak eskaini ohi du urtero. Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak deialdi bakoitzean zehaztutako epean norberaren konturako enpresa-jarduerari ekiten dioten pertsonei laguntzak ematen dizkie [IKUSI 2017KO DEIALDIA], betiere langabezian badaude eta enpresaren forma juridikoa edozein dela ere.

Laguntzaren zenbatekoa 5.000 eurokoa da baldintzak betetzen dituen lehen pertsonarentzat, eta handitu egiten da enpresako langile-kopuruaren arabera.

Laguntza hori eskuratzeko, eskatzaileak negozio-plan bideragarria eta enpresak sortu eta gestionatzeko prestakuntza egin behar ditu Enplegu Sailak homologatutako erakunderen batekin. Consulting-Pro zerbitzuaren kolaboratzailea den Bultz-Lan Consulting erakundearen bidez egin daitezke prestakuntza eta negozio-plan horiek. Era berean, Gaztenpresa Fundazioaren kolaboratzailea den erakunde hori ekintzailetzan espezializatuta dago. Beraz, laguntza-programa horiei buruzko informazioa eman diezazuke.

Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiek ere ekintzailetza sustatzeko beste programa batzuk dituzte, irismen handiagokoak edo txikiagokoak, baina lurralde horietako programarik garrantzitsuenak udalenak dira.

Toki- eta udal-laguntzak

Oro har, udalek edo udal-elkarteek (mankomunitateek, kuadrillek eta abarrek), batez ere tamaina handikoek, enpresen sorrera sustatzeko programak eskaintzen dituzte.

Adibidez, Gasteizko Udalak zenbait programa ditu enpresa berrien sorrera sustatzeko, bai programa orokorrak (Enpresak sortzeko laguntzak), bai jarduera-sektore jakinekoak (Ostalaritza-enpresa txikiak ezarri eta modernizatzeko laguntzak eta Merkataritzaren eta zerbitzu pertsonalen alorretako enpresa txikiak ezarri eta modernizatzeko laguntzak).

Orobat, Donostiako Udalak hainbat programa eskaintzen ditu, Donostia Sustapenaren bidez. Horietatik garrantzitsuena Enpresa berrien sorrera sustatzeko laguntza-programa da. Enpresak alta eman aurreko 2 hilabeteetan eta ondorengo 12 hilabeteetan egiten dituen gastu eta inbertsio jakin batzuetarako diru-laguntzak ematen ditu programa horrek.

2. Kontratatzeko laguntzak

Oro har, autoenplegua laguntzeko programak dituzten erakundeek kontratazioa laguntzeko programak ere izaten dituzte. Ikus ditzagun garrantzitsuenetako batzuk.

Laguntza autonomikoak

Lanbidek arlo horretan duen jarduketa nagusia Lehen Aukera programa da. Horren bidez, kontratu mugagabeak eta praktika-kontratuak egiteko diru-laguntzak ematen ditu. Praktika-kontratuek gutxienez 6 hilabetekoak izan behar dute eta 30 urtetik beherako gazteei egin behar zaizkie, hain zuzen ere haien titulazioaren arloan esperientzia handirik (6 hilabete gehienez) ez dutenei.

Laguntza hori 8.000 eurotik gorakoa izan daiteke. Programa horren bereizgarria da kontratazioaren aurretik eskatu behar dela laguntza. Behin aldeko ebazpena jasota, enpresak jakinarazpena jaso duenetik hilabeteko epea du gehienez Lanbideko bulego batean edo erakunde laguntzaile batean enplegu-eskaintza aurkezteko. Enplegu-eskaintza hori kudeatu ondoren, erakundeak bidaltzen dituen hautagaien kontratazioa soilik lagundu ahalko da diruz.

Bestalde, landa-eremuan bizi diren pertsona fisiko langabeek nekazaritzakoa ez den enpresa-proiektu bat abian jarrita autoenplegua sortzeko laguntzak ez ezik, inoiz enplegua izan ez duten edo lehen zeukatena galdu duten langileak besteren kontura kontratatzeko laguntzak ere eskaintzen ditu Eusko Jaurlaritzak, Landa-eremuen garapenerako eta ekonomia-dibertsifikaziorako laguntza-programaren bidez. Edonola ere, kontratuak kasu bakoitzean aplikagarri den lan-hitzarmen kolektiboan ezarritako lanordu-kopuruaren % 50 eta hiru urteko iraupena izan behar du gutxienez. Diru-laguntzak  4.800 eta 6.160 euro bitartekoak izan daitezke lanaldi osoko kontratu bakoitzeko.

Foru-laguntzak

Bizkaiko Foru Aldundiak bi programa ditu kontratazioa laguntzeko. Batetik, Lanberri programak, laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako enplegagarritasuna sustatzen duenak, enplegua aurkitzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak (45 urtetik gorako langabeak, luzaroko langabeak eta gizartetik baztertzeko arriskuan dauden langabeak) lan-merkatuan txertatzea du helburu, kontratu finkoaren edo behin-behinekoaren bidez (6 hilabete gutxienez). Horretarako, soldata gordinaren % 30 eta % 50 bitarteko diru-laguntza ematen du, 14.000 euro gehienez.

Bestetik, 30 urtetik gorako pertsonak kontratatzea helburu duen programa bat ere badu. Hala, Gazteen enplegagarritasuna sustatzeko programak diru-laguntzak ematen ditu langabe gazteak laneratzeko. Kontratua mugagabea izan daiteke, edo, bestela, amaiera jakinekoa, (urtebetekoa gutxienez). Diru-laguntza soldata gordinaren % 25 eta % 30 bitartekoa da, 7.000 eurokoa gehienez.

Arabako Foru Aldundiak ere Langabeen kontratazio finkoa sustatzeko laguntza-programa du. Onuradunak langabe gazteak edo luzarokoak dira, Araban erroldatuak, eta horien kontratazio finkoa zein partziala sustatzen da, lanaldiaren % 50ekoa eta 24 hilabetekoa gutxienez. Diru-laguntzak 5.000 eurokoak dira gizon baten kontratu finko bakoitzeko eta 6.000 eurokoak emakume baten kontratu finko bakoitzeko. Lanaldi partzialeko kontratu finkoen kasuan, kontratatutako lanaldiaren araberakoa izango da eman beharreko diru-laguntza.

Toki- eta udal-laguntzak

Azken urteotan, Lanbidek sustatutako Eskualdeko Enplegu Planen babespean, tokiko erakunde gehienek kontratazioa sustatzeko laguntza-programak dituzte. Programa horiek arreta berezia egiten diote laneratzeko zailtasun bereziak dituzten langabeen kontratazioari.

Erakunde bakoitzak baldintza ezberdinak ezar ditzakeenez, eskakizunak eta epeak ere ezberdinak izaten dira udal batetik bestera. Oro har, kontratuen gutxieneko iraupena 3 hilabetekoa da, eta edozein kontratu-mota erabiltzen da, prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratua izan ezik. Kontratuak lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke. Azken kasu horretan, lanaldiaren % 50ekoak izan behar dute gutxienez.

Diruz lagundu ahal izateko, kontratazioek enplegu-sorrera garbia eragin behar dute enpresan, diruz lagundutako kontratua duten pertsonak sartu baino 3 hilabete lehenago zegoen batez besteko plantillaren aldean. Gainera, programa horren bidez ezin da diruz lagundu enpresariaren, enpresaren kontrola dutenen, zuzendarien edo administrazio-organoetako kideen ezkontidea, ondorengoa eta bigarren-mailarainoko (barne hartuta) odol- edo ezkon-ahaidetasuna duten gainerako senideak kontratatzea, enpresak sozietate-izaera badu.

Norbait kontratatzea aztertzen ari bazara, badakizu guri galde diezagukezula ea horretarako laguntzarik dagoen. Kontsulta posta elektronikoaren bidez egin dezakezu, consultas@consulting-pro.org helbidera mezua bidalita, webguneko KONTAKTUA atalaren bidez  edo 900 100 240 telefonoaren bidez.

 

 

 

Azken berriak