2017ko errenta-kanpaina

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kanpaina betean gaudela, komenigarria da horren alderdi nagusiak gogoratzea, batez ere enpresa-jardueren errentei buruzkoak, jarduera ekonomikoa sustatzearekin lotutako kengarriak eta ekitaldi horretako zergak dituen berritasunak. Nolanahi ere, profesionalei, autonomoei eta, orokorrean, zergadun guztiei begira, berritasunak ez dira oso garrantzitsuak.

Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba

Aurten ia ez dago berritasunik pertsona fisikoen errenta-aitorpenaren araudi aplikagarrian; izan ere, zerga aldatzear dago, Sozietateen gaineko Zerga erreformatu ostean.

Nork egin behar du errenta-aitorpena?

Errenta-aitorpena aurkeztu behar dute, besteak beste, jarduera ekonomikoa duten guztiek. Era berean, gogoratu langabezia-prestazioa eta erretiro-pentsioa ere lan-etekintzat hartzen direla.

Beraz, besteak beste, errenta-aitorpena honako hauek aurkeztu behar dute:

  • Jarduera ekonomikoa duten zergadunek. 2017. urtean norberaren kontura jarduera ekonomikoa izan duten zergadun guztiek (EJZn alta emanda dauden autonomoek).
  • 2017. urtean 20.000 €-tik gorako lan-etekin gordinak izan dituzten zergadunek (baterako aitorpenetan muga hori pertsona bakoitzeko aplikatzen da). Hau da, 2017an lan egin eta urteko nomina guztien zenbateko gordinen batura 20.000 €-tik gorakoa duten guztiek.
  • 2017. urtean 12.000 €-tik 20.000 €-ra bitarteko lan-etekin gordinak izan dituzten zergadunek, besteak beste, honako kasu hauetan:
    • Zergadunak ordaintzaile batengandik baino gehiagorengandik jaso baditu errentak, edo kontratu bat baino gehiago sinatu badu edo lehendik zuen kontratua luzatu badu.
    • Zergadunak ezkontidearengandik edo izatezko bikotekidearengandik pentsio konpentsatzaileak edo elikagaietarako urteko ordainketak jaso baditu, seme-alaben aldeko ordainketak ez direnak, epailearen erabakiz.
    • Zergadunak Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Erakundeek onartutako araudia ez den beste baten arabera kalkulatutako atxikipenak edo lanaren konturako diru-sarrerak aitortu behar baditu, edo horiek ez badira Foru Aldundietakoren batean sartu.
  • Kapitalaren etekin gordinen eta ondare-irabazien arteko batura guztira 1.600 €-tik gorakoa bada (zenbateko gordina). Adibidez, epe finkorako ezarpenen, aurrezki-kontuen, altxorraren letren, bonuen eta abarren interesek sortutakoak, eta higiezinak, akzioak, inbertsio-fondoak eta abar saltzetik lortutakoak.
  • Kapital higiezinaren etekinak izan dituzten zergadunek. Hau da, higiezinen bat (etxebizitza, bulegoa, lokala etab.) alokatzeagatik diru-sarrerak izan dituztenek.

Enpresa-jardueraren ondoriozko galerak konpentsa daitezke?

Jarduera ekonomikoen etekinak bateratzeari eta konpentsatzeari dagokienez, jardueren etekin negatiboak jardueren etekin positiboekin bakarrik batera daitezke. Jardueren etekin negatiboak bateratu gabe gelditzen badira, jarduerak etekin positiboak izango dituen hurrengo 15 ekitaldietan konpentsatu ahal izango dira.

Jardueren etekin negatiboak ekitaldian bateratzen dira edo etorkizuneko ekitaldietan konpentsatzen dira zergadun beraren jardueren etekin positiboekin. Aitorpen bateratuen kasuan, familia-unitateko kide baten etekin negatiboak beste kidearen positiboekin bateratu edo konpentsatu daitezke.

Zein kenkari aplika dakieke zergadunei? Jarduera ekonomikoak egiteagatiko kenkariak

Kenkariei erreparatuta, ez dago aldaketarik aurreko urteekin alderatuta. Gehien erabiltzen den kenkaria ondorengoei dagokiena da, eta horren atzetik datoz etxebizitzarenak -erosketa eta salmenta—, pentsio-planetara egindako ekarpenenak, 65 urtetik gorakoenak eta desgaituenak. Lurraldeen artean kasu batzuetan ezberdintasun txikiak daude zenbatekoetan, baina ez dira nabarmenak.

Jarduera ekonomikoa duten pertsonentzat interesgarriak izan daitezke jarduerok sustatzeko kenkari bereziak. Horiek ditugu aztergai artikulu honetan.

[IKUSI JARDUERA EKONOMIKOAK SUSTATZEKO 2017-KO PFEZ KENKARIEI BURUZKO ARTIKULUA]

Nafarroa

Apirilaren 10ean, asteartez, hasi zen Nafarroan 2017ko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) eta Ondarearen gaineko Zergaren kanpaina.

Aitorpenak formatu fisikoan aurkezteko borondatezko epea 2018ko apirilaren 17an hasi eta ekainaren 22an bukatuko da. Zeregin horretarako prestatuta dauden Ogasunaren bulegoetan aurkeztu behar dira paperean formalizatutako aitorpenak.  Dena den, apirilaren 10etik aurrera aurkez daiteke aitorpena bide telematikotik (programa informatikoak eta Nafarroako Ogasunaren “Errenta” aplikazioa erabilita).  Web berria jarri da abian: www.graciasati.info eta www.zuriesker.info

Aitorpena egin beharra izateko irizpideak ez dira aldatu 2016ko kanpainarekin alderatuta. Behartuta daude aitorpena egitera etekin hauek izan dituzten zergadunak:

  • 250 euroko edo gehiagoko lan-etekin gordinak.
  • Kapital higigarriaren etekin edo errendimenduak eta ondare gehikuntzak, 1.600 euro gordineko edo gehiagoko atxikipena dutenak, eta beste errenta batzuk jasotzen dituzten zergadunak (enpresaburuak eta profesionalak, errentatzaileak…), errenta horien zenbatekoa edozein dela.

Araudiari aldaketak egin zizkioten 2017ko abenduan, eta horietako batzuk 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikagarriak direnez, eragina izango dute kanpaina honetako aitorpenean. Hauek dira berritasunik garrantzitsuenak:

  • artikuluko errenta salbuetsiei dagokienez, egitura berrantolatu da. Gogoratu beharra dago errenta salbuetsi horien artean dagoela langabezia-prestazioaren ordainketa bakarra.
  • Lan-etekinei erreparatuta, pentsio-planak edo aurreikuspen-plan bermatuak dituzten langileen kasuan, jasotako zenbatekoaren gaineko % 40ko murriztapena aplikatuko da, baina prestazioa jaso aurreko urtean egindako ekarpenak kenduta; gainerakoak ez du muga hori izango.
  • Enpresa-jardueren etekinei dagokienez, otsailaren 2ko 11/2017 Foru Aginduan jasota dauden jarduerak egiten dituzten zergadunek, 2017ko etekin garbia PFEZren zenbatespen objektiboaren araubidearen arabera zehazten dutenek, % 5eko murriztapena izango dute.

[IKUSI PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGAREN ZENBATESPEN OBJEKTIBOAREN ERREGIMENEAN SARTUTAKO JARDUERAK]

  • Ondarearen gehikuntzen eta murrizketen kasuan, ohiko etxebizitzaren transmisioagatiko salbuespena 65 urtetik gorakoei aplikatzen zitzaien, eta ekitaldi honetan, berriz, 70 urtetik gorakoei.
  • Likidazio-oinarri orokorrari erreparatuta, gizarte-aurreikuspeneko sistemei egindako ekarpenen gehieneko muga jaitsi egin da, oro har 5.000 eurotik 3.500 eurora, eta 50 urtetik gorako partaidetzadunen kasuan 7.000 eurotik 6.000 eurora.
  • Dohaintzen ondoriozko kuota-murriztapenen gaiari helduta, PFEZren subjektu pasiboek dohaintzan emandako lehenengo 150 euroen % 80ko kenkarirako eskubidea dute, subjektu pasibo bakoitzeko eta zergaldi bakoitzeko. 150 eurotik gorako zenbatekoek % 35eko kenkarirako eskubidea izango dute.
  • Alargun-pentsioei dagokien kenkarian, LGSaren erreferentzia kendu eta 9.906,40 euroko zenbatekoa finkatu da; hori aplikatu ahal izateko, subjektu pasiboak ez du Ondarearen gaineko Zergaren aitorpena aurkezteko betebeharrik izan behar.
  • “Zoru-klausulak” itzultzeagatik jasotako zenbatekoei dagokien zerga-tratamendua aipatu behar dugu; izan ere, ez dira PFEZren zerga-oinarrian sartuko dagokien kalte-ordain interesekin batera, aurreko ekitaldietan eman zaien tratamenduaren arabera.

[SAKATU HEMEN ARTIKULU GUZTIAK IKUSTEKO]

Azken berriak